Albisteak

Odol ateraldi berezia egingo da ostiralean

50 urte bete ditu aurten odol emaile taldeak. Urteurren biribila ospatzeko, ateraldi berezia egingo dute datorren ostiralean, hilak 27. Egun berezia izango da ostiralekoa. Arratsaldeko 17:00etan, zenbakiak banatzen hasiko dira eta ondoren, trikitilariekin kalejiratxoa egingo dute. 17:30ean, festatxoa izango da Euskal Herria plazan. Bertan egongo dira azken urteetako boluntarioak eta baita Donostiatik etorriko den Odol Emaileen Elkarteko zuzendaria ere. Azkenik, 18:00etatik 20:30era, ateraldiak egingo dituzte.

Taldea

Egun, bost lagunek osatzen dute Zestoako odol emaileen taldea eta bi hilabetetik behin egiten dituzte ateraldiak. “Urte hasieran Donostiatik bidaltzen digute egutegia eta horren arabera antolatzen gara” azaldu du Nerea Ayastui taldeko kideak. Ateraldiei buruzko informazioa WhatsApp bidez zabaltzen dute gehien bat baina kartelak ere jartzen dituzte kalean. Ateraldi egunetan, taldea anbulatorioa prestatzeaz arduratzen da eta emaileentzako merienda ere prestatzen dute.

Zestoako emaileak

Ateraldi bakoitzean 50 emaile inguru dituztela esan du Ayastuik. Emakumeek urtean hiru ateraldi egiteko aukera izaten dute eta gizonek, lau. “40 urtetik gorako jendea da gehien etortzen dena. Jende gazte ere etortzen hasita dago baina beti beti etortzen direnak adin horretatik gorakoak dira”. Taldean sartu zirenetik emaile kopuruak gora egin duela esan du Ayastuik eta hori, sare sozialak erabiltzen hasi zirelako izan dela gehien bat.

Helburua

“Taldearen helburua  jendearengana iristea da baina hori baino garrantzitsuagoa da behin emaile egin ondoren, jarraitzea” nabarmendu du Ayastuik. Helburu hori pixkanaka lortzen ari direla adierazi du eta garrantzitsuena emaile egiten diren gazteek emaile izaten jarraitzea dela gehitu du.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide