Albisteak
Sinadura bilketa abiatu dute eskola garraioaren alde
— 2017-03-17Zestoako Herri Ikastetxeko ikasleek Lehen Hezkuntza zikloa amaitzen dutenean Azpeitira joaten dira beren ikasketekin jarraitzera. Azpeitiko Urola Ikastolan eskolak izaten dituzten zestoarrek, astean bi egunetan, eskolak goiz eta arratsaldez izaten dituzte. Egun horietan Zestoara itzultzen dira bazkaltzera eta garraio horren kostu ekonomikoa Hezkuntza Sailaren bere gain hartzen du.
Zestoako Guraso talde batek adierazi duenez ordea “Hezkuntza Sailaren asmoen barruan dago eguerdiko garraioa kentzea. Alegia, eguerdian ez da garraiorik izango eta gure seme-alabak eskolako jangelan geratzeko planteamendua egingo dute”. Hori dela eta, gaur egungo baldintzak babesteko, sinadura bilketa jarri dute martxan “Eskola garraioan murrizketarik ez!” lemapean.
Horren aurrean desadostasuna azaldu dute: “ez dugu bat egiten asmo horiekin, haurrek eskubidea dute orain bezala jarraitu eta beraien etxeetan bazkaltzeko. Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailari eskatuko diogu ez dezala garraio hori kendu eta jarrai dezala orain arte bezala”. Kezka hau adierazi duten gurasoek Zestoako Udalaren eta Urola Ikastolaren babesa jaso dute.
Egin zaitez bazkide
IRUZKINDU