Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Ezaguna dugu Mari. Baita Basajaun eta Lamiak ere. Tartalo eta Sorginak. Entzuna izango dute batzuk Atarrabi eta Mikelats anaien kondaira. Hain ezaguna ez den alderdi bati helduko diot, ordea, eta euskaldunon antzinako sinesmenek eta kristautasunak izandako lehen harremanak azaldu nahiko nituzke gaurkoan.
Kristau erlijioa Euskal Herrira IV. eta V. mendeetan gerturatu bazen ere, VII. mendean sendotu zela diote, hirigunetan aurrena eta nekazal eremuetan ahul eta beranduago. Euskaldunek beren sineskeri eta erritu paganoei luzaroan eutsi zietenez, ohikoak zituzten termino asko fede berrira egokitu behar izan zituzten. Adibidea Inko izakia da, euskaldunen erabateko nagusi eta osotasunaren baliokidea zena. Hitz honetatik datorrela esan izan da euskarazko Jainko hitz kristaua, Jaun eta Inko hitzen baturatik sortua.
Beste bitxikeria bat, gure arbasoek Jesukristo izendatzeko Kixmi hitza erabili zutela da, eta tximino baten itxuraz gorpuzten omen zuten. Iraina dela diote historialari batzuk. Hala ere, beste interpretazio baten arabera, mundu magikoaren amaiera eta gizakia ardatz duen sinesmen berri baten arteko trantsizio sinbolikoa adierazten duen figura izan liteke.
Guztiok dakigu Kixmiren sorreran izar handi bat agertu omen zela zeruan. Jentilek, berritasunaren aurrean, beldur ikaragarriz, beren kobazuloko nagusiari galdetu zioten zer zen argi hura. Agureak, itsua izanagatik, horrela esan omen zuen: “Galduak gara! Kixmi sortu da! Gure herriaren akabera!”. Hori entzunda, jentilak trikuharri baten gerizpean ezkutatu eta hil ziren betiko. Jose Migel Barandiaranek jasotako hainbat kondairatan ageri den bezala, jentilen desagerpena ez da soilik heriotzaren kontakizuna, mundu-ikuspegi baten amaieraren metafora ere bada.
Ondoriozta genezake, beraz, sineskerien arloan ere zapalduak izan ginela euskaldunok. Hala ere, Euskal Mitologiaren aztarna ez da erabat desagertu; gure hizkuntzan, ohituretan eta imajinario kolektiboan dirau, askotan oharkabean bada ere. Aste Santua oporretara joateko aitzakiatzat daukagu gainera…
Ioritz Arantzeta Lasa