Albisteak

1,2 milioi euroko inbertsioarekin Zestoako Kiroldegia berritzen hasiko dira 2017an

2017 urtearen amaiera aldera hasiko dira Zestoako Kiroldegia berritzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euroko laguntza emango dio Zestoako Udalari, eta Zestoako Udalak beste 600.000 euro jarriko ditu Kiroldegiaren berrikuntza egiteko. Inbertsioa datozen hiru urteetan egingo da, entitate bakoitzak urtero 200.000 euro jarriko dituelarik.

Gorka Unanue Udaleko Hirigintza Batzodearen buruak azaldu digunez “gaur egun dugun kiroldegia 1976. urtean hasi ziren egiten, eta 1983 edo 1984 urtean amaitu zen. Gipuzkoako kiroldegirik zaharrenetakoa dugu herrian. Hori dela eta, 2017ko urtarrilean Gipzukoako Foru Aldundiaren laguntzetara aurkeztu ginen Zestoako Kiroldegia berritzeko asmoarekin”. Aldundiak eskaera hori onartu egin zuen eta 2017ko otsailean kiroldegia berritzeko aurreproiektua aurkeztu zuten. Unanuek adierazi digunez, “180 proiektu aurkeztu ziren aldundiaren laguntzetara eta horien artean 55 ingururi eman digute laguntza azkenean”. Behin berritze lanak hasita 9-10 hilabetan amaituko direla adierazi digu Unanuek.

Foru aldundiaren laguntza horrek gehienez berrikuntza kostuen %50 finantzatzen du, beraz gainerako %50a Zestoako Udalak jarriko du, aurrez adierazitako diru kantitateekin. Gaur egun, kiroldegia berritzeko proiektua amaitzear dute udalean, eta datozen asteetan aurkeztuko diote Aldundiari. Behin proiektu hori Zestoako Udal Batzarrak onartzen duenean konkurtsora aterako da, eta udalak enpresa ezberdinek aurkeztutako proiektuak baloratu beharko ditu.

Berrikuntzaren ondoren, igogailua izango da kiroldegiko pisu guztien artean. Horrela osatuko da kiroldegi berrituko pisu bakoitza:

  • Sarrerako pisua: 40 metro karratuko sarrerako gela, komunak, bulegoak, trinkete moduko frontoi txiki bat eta frontoia (gaur egun dagoen moduan).
  • Lehen solairua: Aldagelak, 2 sauna (emakumezkoena eta gizonezkoena), 130 metro karratuko aretoa 2 zatitan egiteko aukerarekin.
  • Bigarren pisua: 150 metro karratuko gimnasioa eta gela balioanitza.
  • Beheko pisua: Kantxa gaur egun dagoen moduan.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide