Albisteak

Bidegorriaren inguruan erantzunik ez jasotzea salatu dute Arroarrek

Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin zuten atzo, osteguna, Arroa Beheko Bidegorriaren Aldeko Taldeak bidegorriaren proiektuaz galdezka. Diputazioak proiektua egintzat eman duela salatu zuten betan. Duela urte bete ere bertan izan ziren eta denbora guzti honetan zehat ez dute Aldundiaren Mugikortasun Sailaren erantzunik jaso.

Zestoako EH Bilduk azaldu du aurreko legegintzaldian EH Bilduk aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek horrela erabakitako diru partida bat Zestoako zatia amaitzeko izendatu zuela. “EAJk legegintzaldi berrian aipatutako diru partida bertan behera utzi zuen. Duela urtebete herritarren ekimenez Batzar Nagusietan agerraldia egin zen. Indar politiko guztiek bidegorria amaitzearen beharra aipatu zuten. Urtebete pasa eta gero, Aldundiak ezer ez egiteaz gain, lotsagabeki, bidegorria amaituta dagoela argitaratu du turismoko euskarrietan. Hau guztia, Zestoako Udal Gobernuaren axolagabekeriaz eta utzikeriaz gertatu da; alkatea agerraldietara ere ez da agertu” salatu dute Zestoako EH Bilduko kideek.

Pili Perurena Arroa Beheko Bidegorriaren Aldeko Taldeko kideak ere Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan zen. Danbolin.eus-i egindako adierazpenetan dio, duela urte bete ere han izan zirenean politikariek  babes guztia azaldu zietela baina gero ez zitzaiela inongo erantzunik eman. “Talde eta herritar moduan erantzun ofizial bat merezi dugula esan digute baina ez digute eman. Erantzun hori bai edo bai eskatzen dugu, proiektua gure eskura iristea nahi dugu” azaldu du Perurenak. Nahiz eta jaso beharreko erantzun gustokoa ez izan informatuta egotea eskatzen dute Bidegorriaren Aldeko kideek. “Erantzunik jaso ezean, mobilizazioekin jarraituko dugu” adierazi du Perurenak.

Gaur arratsaldean  Jon Albizu EH Bilduko batzarkideak; Mikel Arregi ‘Ertxin’ Zestoako EH Bilduko Udaleko zinegotziak; eta Alex Oliden Zumaiako EH Bilduko zinegotziak agerraldi honen eta gaiaren inguruko balorazio egingo dute. Arratsaldeko 17:00etan, Arroa Beheko Kultur etxean.

Atzoko agerraldiko bideoaren zati bat hemen ikusgai.

 

Argazkia: Baleike.eus