Albisteak
[ARGAZKIAK] Jaso dute Eskarabilera basauriarrek
— 2025-02-15Ehun basauriar inguru etorri dira gaur goizean Jokin Artetxek Izarraitzen aurkitutako Eskarabilera buruhandia berreskuratzera. Buruhandia Basauriko festetako ikur nagusietako bat da, eta San Fausto jaiak amaitzeko egiten den ekitaldi berezian aireratzea ohitura bihurtu da.
Aldatxako kideak goizeko 11:00 aldera iritsi dira, baina ekitaldia ez da hasi 12:00 arte. Basauriarrek jaietako jantziekin, banderekin, globoekin eta bestelako apaingarriekin girotu dute herria.
Eguerdiko 12:00etan, Jokin Artetxek Eskarabilera itzultzeko ekitaldiari hasiera eman zaio plazan. Aldatxakoak bi zutabetan kokatu dira, eta Jokin Artetxe, bere familiarekin lagunduta, erditik igaro da Eskarabilera eskuan hartuta. Bi aldatxo kideek aurreskua dantzatu dute, eta ondoren, buruhandia basauriarrei itzuli die Jokinek. Hauek 150 euro eta beste opari txiki bat eman dizkiote esker onez.
Jai giroak jarraitu du eguraldi eguzkitsua aprobetxatuz, musika eta jolasak tarteko, herritar batzuk ere parte hartzera animatu dira. Ondoren, festari jarraipena emateko, Elgoibarrera joan dira bazkaltzera.
Jokin Artetxek adierazi duenez, oso pozik dago ekitaldiak izan duen harrerarekin:
“Sortu den giroak sekulako poza eman dit. Esker onez opari txiki bat ere egin didate, eta goiz zoragarria izan da. Eskarabilera buruhandia aurkitu nuenean, ez nuen sekula imajinatuko honelako zerbait gertatuko zenik. Ekitaldiaren ondoren, joko batzuk ere egin ditugu, eta festa ederra izan da.”
Egin zaitez bazkide