Albisteak

[ELKARRIZKETA] Alabaren eskaeratik sortutako liburuaz hitz egin digu Kepa Iribarrek

Kepa Iribarrek fantasiazko literaturan egin du jauzia bere hirugarren eleberriarekin. Kazetari getariarrak pasa den asteazkenean aurkeztu zuen Donostian, Erein argitaletxeak plazaratutako Odol Ilargiaren Alaba lana. Aurretik 72 ordu eta Erleen azken ziztada eleberriak argitaratu ditu, azken horri esker duela gutxi Bilboko Liburu Azokak ematen duen Zazpikale saria ere jaso duelarik. Nobela beltzaren bidetik ezagun egin ondoren, oraingoan fantasiazko mundu batera eraman ditu irakurleak. Liburu berriaren sorreraz, idazketa prozesuaz eta genero aldaketaz hitz egin dugu berarekin.

Zazpikale saria eman dizute. Sorpresa hartu zenuen?
Bai, sorpresa handia izan zen, eta ilusio handia egin dit. Azkenean ez duzu sari bat irabazteko idazten, baina jasotzen duzunean berezia da.

Konfiantza ere emango du, ezta?
Bai, baina egia esan sariak eta horrelako gauzak ez zaizkit burutik ere pasatzen. Hala ere, jasotzea polita da.

Kazetari bezala ezagutu zaitugu orain arte. Idazle bezala sentitzen zara?
Oraindik kosta egiten zait “Kepa Iribar, idazlea” irakurtzea. Gehiago sentitzen naiz kazetari, idazle baino. Baina egia da hirugarren liburua ateratzera doala, eta ez dakit nola neurtzen den idazle izatea, baina pixka bat bai.

Aurreko elkarrizketan, abenduan, zerbaitetan zenbiltzala aipatu zenuen. Liburu hau zen?
Bai. Esaten nuen zerbaitetan nenbilela, eta ez zuela zerikusirik nobela beltzarekin. Ba horixe zen.

Orain arte nobela beltza egin duzu. Nondik etorri da fantasiara salto egiteko gogoa?
Kasualitate moduko batetik. Erleen azken ziztada idazten ari nintzela, nire alaba Mariak fantasia asko irakurtzen zuen, gehienetan erdaraz. Nik beti esaten nion euskaraz irakurtzeko, eta egun batean berak esan zidan: “Baina fantasia mota honetako gauza handirik ez dago euskaraz”. Eta bota zidan: “Zuk idatzi beharko duzu”. Esaldi hori buruan geratu zitzaidan, eta esan nion: “Zergatik ez? Ahalegin bat egingo dut”. Horrela sortu zen.

Noiz hasi zinen idazten?
Erleen azken ziztada entregatu nuenean hasi nintzen honekin. Liburu hura entregatu nuenetik argitaratu zuten arte hilabete batzuk pasa ziren, eta tarte horretan jada Odol Ilargiaren Alabarekin nenbilen. Horregatik atera dira bi liburuak hain jarraian.

Zenbat denbora eman duzu idazten?
Ez dakit zehazki. Ez dut horrelako kontrolik eramaten; beste idazle batzuek badakite noiz hasi eta noiz bukatu duten, baina nik ez daukat ohitura hori. Fantasiazko mundu oso bat sortu duzu.

Zein erreferentzia izan dituzu?
Hasieratik argi nuen zer fantasia mota nahi nuen. Fantasia oso zabala da: Harry Potter fantasia da, eta Eraztunen Jauna ere bai. Ni gehiago joan naiz bigarren horren bidetik: gerlariak, ezpatak, aztiak, magia… Eta egia esan, asko gozatu dut. Nobela beltzetan benetan existitzen diren tokiak ahalik eta ondoen deskribatu behar izan ditut. Kasu honetan, berriz, dena asmatu dut: lurraldea, tokiak, izenak, zer dagoen leku bakoitzean…

Askatasuna emango dizu horrek.
Bai, askatasun handia. Nik erabakitzen dut nolakoa izango den lurralde bat, eta halakoa izango da. Baina aldi berean erronka ere bada, dena hutsetik sortu behar duzulako.

Errealitatetik badu zerbait liburuak? Gaur egun ere ez ote gara halako mehatxu batean bizi?
Ez naiz nahita joan gaur egungo egoera kontatzera. Baina kontatzen diren gaiak unibertsalak dira: beldurra, ausardia, laguntasuna, maitasuna… Horiek lehen ere bazeuden, gaur egun ere bai, eta fantasia batean edo errealitatean askotan antzekoak dira.
Gaur egun ere batzuetan ematen du gure mundua goitik behera datorrela. Baina historian askotan gertatu izan da hori. Liburuan ere pertsona bati mundua erortzen zaio, bere arazo pertsonalengatik eta inguruko guztia hondoratzen ari delako.

Liburua gazteei zuzenduta dago?
Berez gazteei begira idatzi dut. Argitaletxeak 12-16 urtekoentzat kokatu du. Nik gazte baten begietatik kontatu nahi nuen istorioa, eta horregatik da Liv protagonista: 16 urteko neska bat, basoan bizi dena, bere mundu txikian. Gau batean dena hankaz gora joango zaio, eta hortik aurrera ihes egin eta tirano baten aurkako borrokan sartuko da.

Baina helduek ere irakur dezakete?
Bai, nik uste dut baietz. Fantasia gustuko duten helduek ere irakur dezakete.
Azalak ere pisu handia du liburuan.
Bai, azalarekin zoratuta nago. Nik buruan neukan ilargi gorri handi bat eta haren aurrean neska bat agertzea. Odol Ilargiaren Alaba izenburuarekin bat zetorren irudi indartsu bat nahi nuen.
Erein argitaletxeak Iban Landa ilustratzailearekin egiten du lan, eta hari azaldu nion nik nola ikusten nuen. Lehen zirriborroa erakutsi zidanean esan nuen: “Hauxe da”. Koloreak, ilargia, neska… buruan neukanaren oso antzekoa zen.

Mapa ere badu liburuak.
Bai. Fantasiazko liburuek askotan mapa izaten dute, eta nik ere nahi nuen. Liburua idazten hasi aurretik egin nuen lehenengo gauza mapa marraztea izan zen. Oso gaizki marraztuta, baina niretzat baliagarria zen: pertsonaiak nondik nora joango ziren jakiteko, lurraldea kokatzeko…
Gero Iban Landari bidali nion nire mapa, azalpen batzuekin, eta berak txukundu zuen.

Etxean ere parte hartu dute prozesuan?
Bai. Mariari hasieratik esan nion saiatuko nintzela. Izenburua erakutsi nion lehenengo, gero mapa… Eta bukatu nuenean bera izan zen lehenengo irakurlea.

Maria editore lanetan jarri duzu, beraz.
Nire liburu guztiak irakurri dituzte bai Josunek, nire andreak, eta bai Mariak. Baina kasu honetan bereziki Mariagatik sortu da liburua neurri batean, eta horrek bereziagoa egin du.

Liburua eskuetan hartzen duenari zer esango zenioke?
Burua zabalik irakurtzeko. Badakit fantasia generoarekin atzera egiten duen jendea badagoela: aztiak, magia, dragoiak… Baina azkenean istorio bat da. Fantasia izan edo beste genero bat izan, istorio bat kontatzen ari zara.
Fantasiazaleei gustatuko zaiela uste dut, eta fantasiazale ez direnek ere aukera bat eman diezaiokete. Gero gustura entzungo ditut iritzi guztiak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide