Albisteak
[ENBIDOA] Haitzean jaioak, haitzera nahi
— 2025-03-14Kasualitatez, Aitana, duela pare bat egun aurkitu nuen bost urtetxo nitueneko bideo batekin. Salouko hotel bateko umeen dantza-joko batean gabiltza Udane eta biok pausorik asmatu ezinik, hor saltsan, eta halako batean hanka-sartze batengatik kanporatzen naute.
Animatzaileak, neska polit alemaniar batek, gaztelera eskasarekin ahal duen moduan ¿Dónde eres? galdetzen dit. Txapeikoa naizela erantzuten diot nik, eta hori Espainian dagoen galdetzean, sorbaldak altxatzen ditut nik, besterik ez dakidala adieraziz.
Kanpoan bizi naizenetik zerbait ikasi badut, denok noraezean gabiltzala da. Horregatik ikusten dut ezinbestekoa nondik gatozen ondo jakitea, errealitatean inork ez baitakigu norantz goazen. Bartzelonan oso gustura nagoen arren, normala den bezala, herrimina izaten dut maiz. Ahal den moduan, etxetik gertuago sentitzeko lehen egiten ez nituen gauzak egiten ikusten dut neure burua. Pisukideei burua lehertuko diet sukaldatzeko Laja eta Landakanda jartzeari ez badiot uzten; nahiz eta gero ederki gustatzen zaizkien nik prestatutako gildak igandeko bermutarekin edo pikillo piper eta atun entsalada.
Askotan lagunei eta lankideei amona Agustina eta Txapeiko kontuez hitz eginez sentitzen naiz etxetik hurbilago. Amona ondo polita eta apaina dudala esaten didate guztiek, bai sukaldean arrain zopa prestatzen ala baratzean sardearekin belarra biltzen ari denean. Celebrity-a da jada nire zirkulu gertukoenetan. Lanean laster jarriko gintuzkeela diozu zuk, Aitana, baina hark esanda, nahiago gaitu gonbidatu biok Txapeiko etxe aurrean hamaiketako eder bat egitera!
Hau guztia esanda, ez dakit oraindik Txapeira itzuliko naizen bizitzera. Oraingoz, familia osasuntsu dudan bitartean, urtean lauzpabost aldiz eginiko bisitek nahiko betetzen dute nire kupoa. Argi daukat, behintzat, Txapeiko baratzeko babarrunak bezain txapeitarra naizela.
Babarrunen harira, makina bat aldiz ikusi dut eguzki azpian jo eta ke nire amabitxia baratzean lanean. Nire enbidoa, izeba Elena Goikotxearentzat: Nolakoa izan zen herritik baserrirako bizitza aldaketa? Eta, zure ustez, zer paper du baserrian etxetik kanpo lan egiten duen gaur egungo emakumeak?
Markel Cabanillas
Egin zaitez bazkide