Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Betidanik egon da Zestoako jendeari buruzko estereotipo zabaldu bat: irekiagoak garela, modernoagoak, ezohikoagoak… Ez da erraza hori argitzea eta egia den jakitea, baina zerikusia izan dezake gure herrian duela ehun urte inguru izan ziren aldaketekin, historialariek “modernitatea” deitzen dutenarekin. Batez ere, Donostian eta kostako herrietan gertatu ziren aldaketa berri horiek, baina Zestoa ere ez zen urruti ibili. Betiko bizimodu tradizionalari masa-kultura berri bat gaineratu zitzaion garai hartan: batetik bestera mugitzea asko erraztu zen, kanpoko gauza berriak ezagutzeko aukera handiagoa zen, eta zinea, kirola, musika mota berriak… pixkanaka sartzen joan ziren herriaren dinamikan. Zenbateraino moldatu gintuen horrek guztiak?
Hemen aletzera goazen garaian, hau da, duela ehun urte, Zestoak 3.000 biztanle eskas zituen, eta horietatik 1.200 inguru bizi zen herrigunean. Zestoar gehienak baserriko lanetik bizi ziren, gutxiengo bat industriatik (burdingintza, eta, batez ere, zementugintza), eta gainontzekoak merkataritza eta turismotik. Ramon Cortazar arkitekto ezagunak behinola esan zuen bezala, Zestoa Gipuzkoako beste nekazari-herrixka bat gehiago izango zen, ia batere hazkunderik gabekoa, ur
sendagarrien ustiapena eta aberastasunarengatik izan ez balitz.
Duela ehun urte, zestoarren mentalitatea nahiko tradizionala zen artean. Kontserbadorea eta erlijioak moldatua. Primo de Riveraren diktadura garaia zen (1923-30) eta zentralismoa eta autoritarismoa gailentzen ziren, baina Errepublikarekin batera (1931-1936) aldaketak etorriko ziren. Karlismoa zen nagusi hasiera batean, Zestoan, baina Eusko Alderdi Jeltzalea indarra hartzen joan zen 1930eko hamarkadan.
Zestoan, batez ere turismoa izan zen berrikuntzaren eta aldaketen eragile. XIX. mendearen amaiera aldera, 1.000 urzale eskas etorri ziren Zestoara ur-denboraldian (ekainak 15 – irailak 30). Batik bat, Bainuetxea eta Artetxe zeuden orduan. Oiartzabal zabaldu zen urtean (1908), 2.300 urzale inguru etorri ziren. Handik hogei bat urtera, berriz, (ordurako 12 hotel bazeuden) ia 6.000 urzale. Atera kontuak zer eragin izango zuten 6.000 turistek, hiru hilabete pasatxoko denboraldian zehar, eta herrigunean 1.200 zestoar bizita.
Hotel garrantzitsuenetara (Bainuetxea eta Oiartzabal), Espainiako elitea etortzen zen: goi-goi mailako agintariak (Manuel García Prieto gobernuburuak bainuetxean hartu izan zuen ostatu), politikariak, enpresariak, elizgizonak… Zestoako bainuetxea, osasun-leku ez ezik, festa eta plazer-leku bikaina ere bazen. Zinea eskaintzen zuten, gimnasioa zeukan, prentsa eta aldizkari aukera zabala, gau-jai bikainak antolatzen ziren… Eta, jakina, herritar arruntek bainuetxean hola-hala sartzerik ez bazuten ere, zestoar handikiek eta hango ehunka langileek dena ikusten zuten: hango arropak eta moda, ibiltzeko modua, hango festak… Eta turistak beraiek ere atera egiten ziren herrira, paseatzera, zerbait hartzera (kafetegi ospetsuenak Alkorta eta Kerejeta ziren) edota jantziak eta boterea erakustera.
Horrela joan zen sortzen, pixkanaka, herrian halako zera bat: klase eta maila guztietako jendearekin tratatzen ohitutako jendea, gauza berriekiko irekia….
Garaiko ‘adelantuak’ pentsaera berri baten transmisore
Urola trena martxan jarri zenean (1926) asko erraztu zen zestoarren joan-etorria, esate baterako, lana beste herri batean egiteko edo, besterik gabe, aisialdirako; garai hartan, asko erraztu zen hondartzara joatea, inguruko herrietara igande-pasa joatea… Donostiara lau bidaia egiten zituen trenak egunean, eta itzultzeko, berriz, sei. Bizpahiru ordu behar izaten zituen Arroatik Donostiara joateko, baina ez zen beste munduko eragozpena hara joan eta hango gizarte modernoa ikusteko. Joan-etorri horrek, bistakoa denez, izugarri ezagutarazi zituen beste herrietako ohitura eta gauza berriak. Bat bakarrik aipatzearren, Donostiakoa oinarri hartuz egin zuten lehenengo aldiz danborrada Zestoan (1930).
Gauza berrien beste transmisore aparta telefonoa izan zen. Gipuzkoako Telefono Sarea Estatuko sare osatuena zen 1930eko hamarkada atarian. Arroan (tren geltokian) eta Aizarnan, 1922an instalatu zen telefono probintziala, eta ordurako martxan zegoen herrigunean eta bainuetxean.
1920ko hamarkadan, irratia ez zegoen artean oso zabaldua baina urte gutxian sartuko zen etxeetara. Garai hartako komunikabide nagusia prentsa zen. Herritar gehienek La Constancia (ikuspegi integrista), El País Vasco (autonomista), Excelsior (kirol egunkaria) eta horrelakoak irakurtzen zituzten. Gutxi batzuk erosten zuten La Voz de Guipúzcoa (errepublikanoa). 1930eko hamarkadan, diktadura amaitzearekin batera, abertzale giroko egunkariei (El Día, Euzkadi…) ireki zitzaien atea.
Egunkariez gain, sekulako arrakasta izan zuten aldizkari grafikoek (Novedades, Estampa, Blanco y Negro…), eta oso eskura zeuden gure hoteletan. Toki berriak eta exotikoak, janzkera berriak, kirol berriak… nabarmentzen ziren. Hasiera batean, elite batentzat erreserbatuak zeudenak herritar arrunten eskueran jarri ziren. Urte horietan, kazetaritza grafikoak ilustratzaile eta idazle onenak fitxatu zituen, eta oso aldizkari erakargarriak argitaratzen ziren.
Zinea
Aipagarria da, zinea Parisen lehen aldiz eskaini (1895) eta hamabi urtera, Blas Alkortak Zestoara ekarri zuela. Handik aurrera, zinea ez zen gauza arrotza izan zestoarrontzat. Esate baterako, “Bihar, Cristina erregina Christus filmaren emanaldian izango da [Madrilgo] Gran Teatron”, zioen egunkari batek 1916ko apirilean, eta, abuztuan, pelikula huraxe Zestoako bainuetxean eskaini zuten. Ez zen emanaldi irekia izan, ikuspegi elizkoia zuen (Aita Santuak ontzat emandako pelikula bakarra, dio prentsak), baina seguru ikaragarrizko lilura eragin ziela, bezeroei ez ezik han hara eta hona ibili beharko zuten zerbitzariei ere.
Zinea, pixkanaka, zabaltzen joan zen gizartean eta eragin izugarria izan zuen modan eta gizarte-ohituretan. Donostian areto mordoxka zeuden 1920ko hamarkadan. Zestoako bainuetxea berehala jabetu zen zinea oso tresna bikaina zela publizitaterako, eta 1928an establezimendua eta herria sustatzeko dokumental bat egin zuten.
1930erako zabalik zen zine-aretoa Zestoan. Lehendabizi, Cine Simón zuen izena, eta Felix Lizaso gaztea zen haren jabea. Hurrengo urtean Luistarrek hartu zuten, eta On-bide jarri zioten izena. Uda garaian, egunero eskaintzen zituzten emanaldiak, eta saio bereziak herriko jaietan.
Kirola
Zestoan, duela ehun urte, kirol arloa tradizionala zen oso. Ohiko pilota, harri-jasotzea, aizkora, ahari jokoak, idi-probak… ziren nagusi orduan. Baina, pixkanaka, kanpotik zetozen beste kirol batzuk ere –prentsak sports deitzen zien– hasi ziren
sartzen herrian. Txirrindularitza da horietako bat, gaur egungo zaletasuna nondik datorren ondo erakusten duena. Euskal Herriko Itzulia 1924an hasi bazen, hurrengo urtetik aurrera bazuen bere tokitxoa txirrindularitza lasterketak Zestoan. “Herriko gazteentzat bakarrik”, gure herrian bizikleta nahiko zabaldua zegoen seinale. Tenisak ere bazuen bere tokitxoa gure herrian.
Kultura fisikoak garrantzi handia hartu zuen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan eta ordutik dator gaurko afan hau. Adibide bat jartzeko, 1933. urtean Blas Alkortak eta beste herritar batzuek udalari eskaera bat egin zioten: ariketa fisikoa gero eta beharrezkoagoa bihurtzen ari zela, baina herrian ez zegoela gimnasia praktikatzeko lekurik, esaten zioten. “Izan ere, bizitza modernoko jarduera desberdinak aztertzen baditugu, nabarmena da Barreiro eta Gamborena anaiak futbolean,Uzcudun boxeoan eta Atano, Echave eta abar pilotan, horiek bezalako gizonak heziketa fisiko sendo bati esker nabarmentzen direla. Eta zergatik? Ba, zalantzarik gabe, gazte garaian gimnasia egiteko baliabideak zituztelako. Oraintxe bertan, jauna, gazte asko daude boxeoan aritzeko gogo bizia dutenak, hori baita, gaur egun, emaitzarik handienak ematen dituen ariketa fisikoa, eta hala ere, horretarako ezaugarri bikainak izan arren, ezin dute behar bezala entrenatu gimnasio bat ez dutelako”. Eman behar gaurko idatzi bat ari garela aipatzen, ez orain dela mende batekoa.
Alkortaren idatziak beste alderdi bat ere aipatzen du: “(…) Bertako haurrek ere ezin dute ariketa hori egin, hain onuragarria dena garapen fisikorako —hau da, haur sendo eta ondo garatuak izateko, edozein erronkari aurre egiteko prest dauden gorputzak izateko— alegia, haur eta gazte osasuntsu eta sendoak izateko”.
Bistakoa den bezala, kirola izan zen, zinemarekin batera, mentalitate moderno berri baten iragarle garrantzitsuena. Hori bai, kirolari dagokion pasarte honetan mutilez eta gizonez ari ziren, jakina, ez emakumeez.
Musika eta dantza
Orain arte aipatu ditugun fenomeno berriak nahiko minoritarioak ziren artean Zestoan, eta, ondorioz, ez ziren hain arriskutsuak pentsaera tradizional edo betikoarentzat. Bai, ordea, musika eta dantza, edonoren esku zeudenak eta oso “arriskutsuak” kontsideratzen zituztenak, nola Elizak hala udal agintariek. Ikusi besterik ez dago zer lan, zenbat buruhauste eta zenbat eztabaida izan zituzten herriko erakundeek egoera kontrolpean edukitzeko.
Eztabaida handiak izan ziren kafetegi eta tabernetan instalatzen ziren musika-aparatuekin (“aparatos mecánicos o manejados mecánicamente con cilindros musicales”). Esate baterako, 1919ko urte hasieran eskatu zuen Arroako tren geltokiko tabernako arduradunak, Modesto Fernandezek, aparatu horietako bat instalatzeko baimena. Udal agintari batzuk alde zeuden baina beste batzuk zerga handia jartzea proposatzen zuten, horrela etsi eta amore eman zezaten. Eztabaidaren erdian, Arroako apaiza eta auzoko bizilagun batzuk sartu ziren. “Gauez atsedena eta egunez bakea eta moralitatea” eskatzen zuten, eta –zioten– hori aintzakotzat hartuta, aurreko udalek bostehun pezetako zerga ezartzea adostu zutela musika-
gailu mekaniko bakoitzarentzat. Urte hartako aurrekontuan, ordea, hogeita bost pezetako zerga ezarri zela, eta kopuru hura hutsala zela, eta horregatik zegoela martxan Arroako geltokikoa. Horrela bada, “gailu horiek herrietako bakean eta moralitatean dituzten ondorio kaltegarri argiak kontuan hartuta”, berriro zerga bostehun pezetara igotzea eskatzen zuten (“eta ez, hain zuzen, udal-funtsak handitzeko, baizik eta establezimendu publikoetatik desagertzeko, imitatzeko moduko adibidea delako eta probintziako herri askok hartu dutena delako).
Ikusten denez, beste herri batzuetan, zirt-zart amaitu zuten “arazoarekin” eta hemen ere, apaiza tarteko izaki, laster erabaki zuten udal agintariek: “Eztabaida labur baten ondoren”, zerga bostehun pezetara igotzea onartu zuen udalbatzak. 1920ko urte hasieran, Modesto Fernandezek udalari jakinarazi zion bere musika-gailua kentzera zihoala, “jada ez zuelako nahiko irabazi ematen”. Baina ez ziren hor bukatu gorabeherak. Musikak eta dantzek zeresan ugari emango zuten artean.
Kontuz fox-trotarekin
Zestoako banda, jakina denez, 1910eko hamarkadan sortua zen baina urte batzuk martxan egin eta gero bertan behera geratu zen. 1926. urtean berriro martxan jartzeko asmoa azaldu zuen udalak. Beharrezkotzat jotzen du alkateak, zeren-eta inguruko herriek bai baitute banda eta “berezkoa baita gazteek, gaur egun mugitzeko duten erraztasunarekin, herritik alde egitea igande eta jaiegunetan, horrek dakarren arazo moralarekin; izan ere, etxekoengandik urrun, askeagoak baitira eta gutxiago zelatatuak”.
Alkateak, eta alde zeuden beste zinegotzi batzuek, beharrezkoa ikusten zuten “udarako banda” sortzea, eta uste zuten Zarautz, Zumaia edo Debaren eredua jarraitu behar zela, eta ez Azpeitiko edo Azkoitiko eredua, “zeinak ez duten udako bizitzarik”. Beste batzuk, ordea, banda birsortzearen aurka zeuden, musika eta dantza (lotua) bekatutzat hartzen zituztelako. Eztabaida izugarria izan zen eta alkateak berdinketa hausteko botoa erabili behar izan zuen.
Gauzak bero zeuden, beraz, eta 1928ko maiatzeko jaiak pasa eta berehala, herriko bailableak zirela-eta, gatazka izan zen berriro udalean. Alkateak denboraldi baterako eten egin zituen bailableak eta sekulako arazoak sortu ziren herrian.
Zunzunegi zinegotziaren jarrera garbia zen: ez zen dantza lotuaren aldekoa, eta are gutxiago ”hemengo plazan dantzatzen den dantza zorabiagarri horren aldekoa”; musikaren aldekoa zela, zioen, “baina ez dantza erotikoaren aldekoa”. Azpeitia
eta Azkoitia hartzen ditu eredu, baina bistan da alkatea ez zela eredu horren aldekoa, haiek ez dute eta udako bizitzarik (vida veraniega). Ramon Izeta alkatea, berez, ados zegoen Zunzunegirekin, baina hark ondo asko zekien musikariak dantza sueltoak bakarrik jotzearen kontra zeudela, eta horregatik erabaki zuen alkateak bailable denak bertan behera lagatzea, ea hartara herritarrak otzantzen ziren. “Baina protestak halako mailara iritsi dira –dio alkateak–, ez baita posible eskatzen dutena ez ematea”.
Horrela bada, bakeak gehiago balio zuela eta, zera proposatu zuen alkateak: pieza suelto bat jotzea eta bestea lotua. Eta horixe erabaki zen: “Bandak jo dezala pieza bat sueltoa eta beste bat lotua, baina angelusaren ordurako, hau da iluntzerako, dena bukatzeko baldintzarekin. Horretarako, erlojuaren arduradunari agindua emango zaio kanpaiak iluntzearekin batera jo daitezen”.
Iritsi zen bakea, dirudienez, baina hemen udal zinegotzien errematea: “Nolanahi ere, […] ez dezatela jo eskandalosotzat hartzen diren dantza bat bera ere, esate baterako fox-trotak, charlestonak, tangoak eta abar, kontu horietan bandako zuzendariaren irizpidea jarraitu beharko dutelarik eta, behar bada, alkateari jakinaraziz”. Ikusten da zer mailatan zebiltzan orduko zestoarrak.
* * *
Zenbateraino moldatu gintuen horrek guztiak? Erantzuteko zaila da, eta lekurik gabe geratu gara. Nolanahi ere, argi dago guk harreman handiagoa eta zuzenagoa izan genuela “modernitatea” deitzen den aldaketa haiekin eta aldaketa horietan parte hartzen ari ziren pertsonekin, eta inguruko beste udalerri batzuetan baino eragin handiagoa izan zutela gugan. Modernitateak Zestoan eragin handiagoa izan zuela esan daiteke. Onerako edo txarrerako, hori ere esan behar da, zeren-eta, adibidez, horrek guztiak zerikusia izan zuen herriguneko zestoarren erdalduntzearekin, hau da, euskaraz baino gehiago gazteleraz erlazionatzeko joerarekin, eta baita beste fenomeno negatibo batzuekin ere. Baina beste batean heldu beharko zaie arantza horiei.
Fernando Arzallus