Meategien aztarnak ezagutzeko ibilbideari begira

Ibilaldi askotan egin izan diet begirada bat Aizarnako meategien aztarnei, eta aitortu behar dut, askotan, tristura apur batekin amaitu dudala ibilaldia,berauen egoera ikusita.

Egun, udaletxeak badu egitasmo bat aztarna hauek agerian jartzeko, eta horretarako ibilbide bat antolatzen ari da, asmo hori egia bihurtzeko.

Sarritan egitasmoak ez dira helmugara iristen, eta zalantza handiak izan ditut honen inguruan ere, bertan behera geratuko ote zen pentsatuta. Hala ere, azken ibilaldian aztarna hauei egindako lanak ikusita, zalantza horiek alde batera utzi ditudala esan beharra daukat.

Urte asko dira aztarna hauei begira ibili eta argazkien bidez jasotzen hasi nintzela. Orain, ordea, egin dieten garbiketa ikusi ondoren, esan dezaket sekula ez ditudala hain garbi ikusi eraikuntza zahar hauek. Badirudi egitasmoa benetan martxan dela, eta udaletxea lanean ari dela.

Oraindik falta dira ibilbidearen inguruko azalpenak emango dituzten panel informatiboak eta bestelako xehetasunak, baina lanak aurrera doazela ikusita, ziur nago egitasmo honek amaiera izango duela.

Garbiketa lanen ondoren duten egoera argazkietan jaso ditut, eta lehen esan bezala, sekula ez ditut hain garbi ikusi meategi hauen aztarnak.

Aztarna hauek desagertzeko zorian egon dira, baina argazkiei begiratu eta bakoitzak erabaki dezala ea Aizarnak izan duen lanbide honen arrastoak galtzea merezi duen ala ez.

Argi dago aztarna hauek balio erantsi handia izango dutela bai Aizarnarentzat bai Zestoarentzat, historia agerian jartzeko eta ondarea zaintzeko eman den pausoa oso garrantzitsua baita. Ea laster ikusten dugun egitasmo hau errealitate bihurtuta.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide