Urria 2025
— 2025-11-06Irakurri 275. zenbakia hemen.

Jaiotzen denetik pertsona bere lekuaren bila ibiltzen da munduan, 5 eta misterio bat da leku hori non agertuko zaion, noren ondoan edo-
ta zein zereginetan: horixe da bizitzaren abentura, abenturarik ederrena.
Nirea Urrestillan hasi zen, eta (momentuz) Zestoan amaitu dut. Ez dira kilometro asko, baina tarte horretan egin dut mugimendu franko nire lekuaren bila. Gaur Zestoan bizi den Aristik zerikusi gutxi duela esango nuke Urrestillan ama Lurdesek munduratu zuen Pakito harekin.
Hemezortzi urterekin Bilbora joana karrera ikastera, gozakaitza egin zitzaidan hiri erraldoi eta zantar hura, nire ikaskide batzuk ederki gozatu bazuten ere; bada andregaia aurkitu eta bertan bizitzen geratu zenik. Horra leku posible bat munduan.
Nik ere izan nuen maiteño bat, baina Gasteizen egokitu zitzaidan. Amodioak horrela egiten du jolas gurekin; baina abandonatu egin nuen Gasteizen egiten zuen hotza ezagutu nuenean. Haize zakar jelatua golkotik behera sartzen zen, eta Floridako parkea ia beti zuri egoten zen kasik sanprudentzioak arte! Garai hartan atera zuten “Siberia-Gasteiz” esamoldea ere. Aldaketa klimatikoa lehenxeago etorri balitz! Donostian ere bizitakoa naiz, eta balentria izugarria lortu ere bai: nire idazle soldata txatxuarekin pisu baten alokairua hilero ordaintzea, gauzak nola aldatu diren ikus dezazuen! Baina Alde Zaharreko pintxoen prezioak goraka hasi zirenean ulertu nuen hura ere ez zela nire lekua munduan.
Azpeitian egin ditut urte asko, izeba Felik eskuzabaltasunez utzitako pisu batean. Ama pontekoa nuen. Alarguna zen, eta ia bere semetzat nindukan gaixoak, kasu handirik egiten ez banion ere. Bosgarren solairuan zegoen, eta igogailurik ez. Gaztetan ongi, baina adinean aurrera eta ohartu nintzen hura ere ez zela nire lekua. Parrandatik bueltan nire etxeko atea Eiffel Dorrearen punta baino urrunago zegoela iruditzen zitzaidan!
Egun batean Zestoan nenbilela salgai zegoen pisu bat ikusi nuen arte. Igogailua zeukan, eta a zer bistak: hasi Akoatik eta Endoiarainoko panoramika zoragarria. Eta horri guztiari begira egoteko terraza eder bat. “Hau bai, hau da nire lekua”, pentsatu nuen.
Hasieratik etxean sentitu naiz, beste inora joateko gogoa ahazteraino.
Pako Aristi