Albisteak

[ZUTABEA] Zerbitzari baten begietatik

Bi urte pasatxo igaro dira herrian zerbitzari lanetan hasi nintzenetik, eta etapa hori amaitu berri dut. Gaur egun Hezkuntzan nabil, ordezko irakasle, baina tabernan bizitako esperientziaren inguruan hausnarrarazi nahiko nuke.

Lanean hasi eta aste gutxira ohartu nintzen zerbitzari izateak nolako giza trebetasuna eskatzen duen: pazientzia, entzumen aktiboa eta elkarlana ezinbestekoak dira. Barraren beste aldean egotea ez da soilik kafeak edo pintxoak ateratzea: jendearekin lan egitea eta askotariko egoerak kudeatzen ikastea ere bada.

Eta hor dago errealitate gazi-gozoa. Zoritxarrez, askotan, zerbitzari lana gutxietsi egiten da. Esango nuke orokorra dela lanbidearekiko errespetu falta; nik neuk behintzat oso iruzkin deserosoak jasan izan ditut. Etorri zaizkit bezeroak, agian euren eguneroko presaren edo frustrazioaren ondorioz, tonu desegokian hizketan. Esaldi batzuk, nahiz eta lehen entzunaldian hutsalak diruditen, oso mingarriak izan daitezke egunero jasotzen badira: adibidez, “kamarero honek fundamentu falta ikaragarria zeukak” edo “berria ematen duk” eta antzekoak. Zer esanik ez “duela bost minutu eskatu dizkizut kalamareak!” moduko esaldien inguruan. Horrelakoak, tonu zakarrez jaurtita, gehiegitan entzuten dira barraren kanpoko aldetik.

Azken batean, egoera horiek bezeroa baino “gutxiago” zarela sentiarazten dizute. Batzuetan, badirudi gutxi axola zaiela nor zaren eta zer egiten duzun, eta horrelako jarrerek lana ikaragarri zailtzen dute. Askotan, lan giroa jasanezin bihurtzen da.

Lan honetan aritzeak, hain zuzen ere, garbi erakutsi dit errespetua dela funtsa. Hurrengoan, kafetegira edo tabernara zoazenean, hartu minutu bat zerbitzariari “eskerrik asko” esateko, edo irribarrez hitz egiteko, ekintza horrek eragin handia izan baitezake haren egunerokoan.

Eñaut Pozo




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide