Albisteak

[ELKARRIZKETA] Larunbatean hasiko dira Aizarnako Amabirjinak eta festa batzordeko kideekin izan gara

Larunbatean hasiko dira aurtengo Aizarnako Amabirjinak. Eguerdiko 12:30ean botako dute txupinazoa plazan. Ordurako, oilasko biltzaileak baserriz baserri ibiliko dira goizeko 08:00etan hasita. Eguerdiko 14:30ean bukatuko dute euren ibilbidea auzoko plazan aurreskua dantzatuz. Urtero bezala, festa batzordea arduratu da jaietako egitaraua antolatzeaz. Horren harira, Aizarnako bizilagun eta Festa Batzordeko kide diren Maite Bereziartua eta Josune Irurerekin hitz egin dugu.

Noiz hasten zarete festak antolatzen?

Ahal den azkarren hastea komeni izaten da baina normalean nahi baina beranduago hasten gara. Aurten, apirila inguruan hasi ginen. Kultur Etxeko gela batean biltzen gara.

Zenbat auzotar biltzen zarete?

Zortzi inguru. Bilerara etortzen ez dena ordea, gero prest agertzen da laguntzeko. Lanak egunka banatzen ditugu. Hilaren 11ean oilasko biltzearekin emango diegu hasiera festei eta ekintza honetan parte hartzen dutenak arduratzen dira antolakuntzaz. Txosnen ardura beste batzuk hartzen dute. Nahiz eta lanak banatzen saiatu, askotan kosta egiten zaigu. Gaur egun ez da lehen bezala, jendea gutxiago inplikatzen da. Nahiz eta bileretan zortzi inguru bildu, jendea beti prest dago laguntzeko.

Ze zailtasun izaten dituzue festak antolatzeko orduan?

Jendea gero eta gutxiago inplikatzen da, ardurak hartuko dituen jendea falta da.

Zer nabarmenduko zenukete aurtengo egitarautik?

Nahiko egitarau betea dugu eta oso gustura gaude. Egun bakoitza jende ezberdinarentzat zuzenduta dago. Helduen eguna, umeen eguna… Joan den urtean txaranga izan genuen goizean eta sekulako giroa sortu zuen. Datozen festatan goizean eta arratsaldean izango dugu txaranga. Aurten bigarren urtez jarraian  mozorro eguna antolatu dugu. Pasa den urtean egin genuen lehen aldiz eta jendea animatu zen. Asteartean izango da, hilaren 14an. Aurtengo gaia ijitoak izango dira. Goizetik hasiko da eguna, ijitoen harrera eginez. Intentzioa ez da ijitoak mespretxuz tratatzea baizik eta garai batean gure artean bizi izan ziren ijito haiek, gure oso bertakoek zirenek, ongi etorria egitea, zentsu positiboa indartzeko asmoz.

Zer errepikatzen da urtero?

Oilasko biltzea, herri afaria, herri kirolak… Festen oinarria beti berdina izaten da, parte hartzaileak aldatzen dira. Ume jolasak orain geroz eta indar gehiago dute. Guraso elkarteak hartzen du jolasak antolatzeko ardura. Aurten krosa egingo da umeen egunean. Gauden 16 familien artean eguneko egitaraua banatzen dugu.

Herri afariaren formatua ere aldatu da. Garai batean arkumea edo urte batean txuletak bertan prestatzen ziren baina orain, enpresa batek ekartzen du janaria.

Hemendik, festetara etortzeko gonbidapena luzatu nahi dugu, guztiak ongi etorriak izango zarete.

Ikusi egitaraua osorik hemen.