Albisteak

[ELKARRIZKETA] Garikoitz Mendizabal: “Lan horiek grabatu eta zabaltzeak euskal musikagile handien lana ezagutarazteko balio izan du”

Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Josu Okiñena piano-jotzaileak ‘Iragana Betikotzen’ proiektua sortu dute, euskal musikagileen ondarea berreskuratu eta balioan jartzeko asmoz. Txistu eta pianorako idatzitako piezak lehen aldiz grabatu eta interpretatuko dituzte kontzertuetan.

Proiektua bihar, asteartea, Donostiako Aquariumean aurkeztuko da prentsaren aurrean. Ondoren, Getxoko Andres Isasi kontserbatorioan, Gernikan, Deban eta Bilbon ere arituko dira, beste data batzuk ere iragarriko direlarik. Proiektu honen inguruko xehetasun gehiago jakiteko, Garikoitz Mendizabali galdera batzuk egin dizkiogu.

Nola sortu zen Iragana betikotzen proiektua? Lehen aldia al da Josurekin lan egiten duzula?

Behin, topo egin genuen eta elkarrizketa abiatu genuen, eta oso interesgarria izan zen. Josuk egile zaharren obrak editatu, grabatu eta zabaltzeko joera du, bere errepertorioan arreta berezia eskaintzen dio euskal ondare musikalari. Hizketan ari ginela, konturatu ginen txistuari eta pianoari lotutako hainbat obra eta musikagileren lanak bazeudela, baina oraindik grabatu gabe zeudela. Horietako asko oso gutxitan edo ia inoiz ez dira programatzen ganbera-musikako kontzertuetan. Orduan, proposatu nion obra horiek berreskuratu, grabatu eta kontzertuetan eskaintzea. Josuk berehala baiezkoa eman zidan, eta horrela jarri genuen martxan Iragana Betikotzen proiektua.

Zergatik da hain garrantzitsua iraganeko euskal musikagileen lanak berreskuratzea eta ezagutzera ematea?

Uste dut euskal kulturan, batez ere XX. mendean, musikagile apartak izan direla, txistuaren bilakaeran ekarpen handia egin dutenak. Lan handia egin zuten, eta horietako askok txistu eta pianorako obra ugari idatzi zituzten eta oso onak gainera.

Txistulariok kontserbatorioan formazio garaian pieza horiek lantzen ditugu, azterketetarako edo entzunaldietarako, baina behin formazioa amaituta, askotan obra horiek baztertuta geratzen dira. Ez dira ezagutzen jendaurrean, eta are gutxiago diskografian. Horregatik, lan horiek berreskuratzea eta betikotzea oso garrantzitsua da. Lan horiek grabatu eta zabaltzeak musikagile handi horien lana ezagutarazteko, eta bereziki, kasu honetan, txistu eta pianorako idatzi zuten konpositoreen obrak berreskuratzeko aukera eman digu.

Pieza batzuk lehen aldiz interpretatuko dituzue; nola sentitzen zarete horren aurrean?

Lehen aldiz grabatzeak bere xarma du, baina, aldi berean, erronka handia ere bada, abesti batzuek interpretazio desberdinak ahalbidetzen dituztelako. Uste dut lan aberatsa egin dugula Josuk eta biok, bertsio bereziak sortuz, hausnartutako eta partekatutako interpretazioak eginez, eta zenbait kasutan, lizentzia txiki batzuk ere hartuz. Baina beti musikaren mesedetan, eta ziur nago musikak eskertuko dituela hartu ditugun erabakiak. Entzule arruntak, agian, ez ditu aldaketa horiek guztiz nabarituko, baina txistulariek bai, hainbat xehetasun desberdin planteatu baititugu.

Zein izan da diskoa grabatzeko lan-prozesua?

Lan-prozesua ohikoa izan dela esango nuke. Aste askotan elkarrekin bildu, entseatu, eztabaidatu eta bide egokia aurkitu behar izan dugu. Azkenean, iazko udan saio bakarrean grabatu genuen, ez baikenuen nahi lan diskografiko hotz eta tekniko bat sortzea. Ganbera-musikak bereizgarritasun bat du, eta elkarrekin momentuak bizitzeak ekartzen dituen emozio eta xehetasun horiek islatu nahi genituen grabazioan.

Egun bakarrean grabatu genuen, Getxoko Andrés Isasi musika eskolako aretoan. Saioa luzea eta gogorra izan zen, baina aldi berean, oso ederra. Aukera aprobetxatu genuen, eta diskoa argitaratzeaz gain, pieza guztiak bideo formatuan ere grabatu genituen. Tarteka bideo horiek zintzilikatzen joango gara, gaur egun irudiak zabalkunderako oso baliagarriak baitira.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide