Albisteak

Martxan da aurrekontu parte-hartzaileen bozketa fasea

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuak aurrera jarraitzen du. Atzo, apirilak 16, egin zen udaletxeko pleno aretoan bozketa fasera aurre egingo duten proiektuen aurkezpena. Bozkatzeko aukera gaur bertan jarri da martxan, apirilak 17, eta maiatzaren 5 arte egongo da epea zabalik. Azkenik, maiatzaren 7an, aurrera eramango diren proiektuak emango dira ezagutzera.

Udalak, egoki aurkeztutako proiektuen bideragarritasuna aztertu ondoren, 15 proiektu aukeratu ditu. Aurreko bileran bezala, Irati Peñagarikanok, banan-banan azaldu zituen proiektuekiko udalaren asmoak eta aukera bakoitzaren aurrekontuak. Orokorrean, malgutasuna adierazi zuen eta hautatuak izango diren proiektuen lanketarako, herritarrekin lankidetzan jarraitzeko prestutasuna aurkeztu zuen udal teknikariak. Siadeco-ko Juanjo Allurrek bere aldetik bozketaren nondik norakoak azaldu zituen.

Parte-hartu ahal izateko baldintzak 16 urtetiko gorakoa izatea eta Zestoan erroldatua egotea dira.

Bozkatu nahi duenak, udaletxeko harreran egin dezake edo hurrengo estekaren bitartez egin beharko du: BOZKATZEKO LOTURA

 

Hauek dira auzoka hautatutako proiektuak:

1. AIZARNA: Txakurrentzako kaka lekua prestatu: 3.908,30€
2. AIZARNA: Aizarnako frontoia ixteko lanei jarraipena eman: 8.018,98€
3. AIZARNA: Suteetarako mauka (suhiltzaileen mangera) erosi: 1.563,45€

4. ARROA BEHEA: Arroabeko pilotalekuari atea ipini, neguko hotzetik babesteko: 12.227,98€

5. HERRIGUNEA: Iraeta eta Zestoa arteko bide berdeko tuneletan lurzorua hormigoitu: 14.995,17€​​​​​
6. HERRIGUNEA: Lau Iturri eta Bainuetxeko geltoki artean dagoen argiteria hobetu: 14.913,25€
7. HERRIGUNEA: Laranjadi plaza txukundu (lurreko arlosak, eserlekuak…): 14.746,70€
8. HERRIGUNEA: Hutsik edo egoera txarrean dauden lorontzietan landare edo lore meliferoak ipini: 6.413,00€
9. HERRIGUNEA: Zine foruma Euskaraz antolatzeko eta bestelako emanaldietarako ere, proiektore finko bat eta pantaila handiago bat ipini Kultur Etxean: 4.295,50
10. HERRIGUNEA: Uztapide Plazako haur parkearen eraberritzearen bigarren fasea garatu, haurrek jolasteko elementu gehiago ipinita: 13.918,17
11. HERRIGUNEA: Herri bideak garbitu: 5.263,50€
12. HERRIGUNEA: 2 erraldoi erosi: 13.310,00€

13. IRAETA: Iraetako frontoia itxi: 13.487,62€
14. IRAETA: Iraetako kale argiztapena hobetu: 12.157,11€
15. IRAETA: Iraetako Kultur Etxera igotzeko atea ipini eta altzariak erosi: 6.134,10€

Hauek dira bozkatzeko baldintzak:

1. Zestoan erroldatutako 16 urtetik gorako herritar guztiek izango dute bozka emateko aukera.
2. Bozkatzeko modua: online (www.zestoa.eus) edo aurrez aurre (udaletxeko harrera bulegoan); epea: maiatzak 5
3. Herritar bakoitzak 2 proiektu aukeratu beharko ditu, eta bakarra izan daiteke bera bizi den auzokoa; bigarrenak, beste auzo batekoa izan behar du. Aldiz, aukeratutako biak, izan daitezke beste auzo batekoak.
4. Herritar gehienek bozkatzen duten proiektua izango da hautatutako lehena.
5. Hautatutako bigarren proiektua, beste auzo batekoa izango da, bozka kopuruaren arabera.
6. Auzo bererako ez da bigarren inbertsiorik hautatuko, beste auzo guztietan, gutxienez inbertsio bat egingo dela bermatu arte.
7. Bozka kopuruaren arabera aukeratutako inbertsioaren zenbatekoak 60 mila €ko muga gainditzen badu eta auzo horretan beste inbertsio bat egin badaiteke 60 mila €ko muga gainditu gabe, beste inbertsio hori izango da hautatua, nahiz eta bozka gutxiago jaso.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide